Sail honetatik animatzen zaituztegu gure herrialdeko mendi hurbilenenaz gozatzera. Horretarako, izaten ditugu bai eguneko irteerak (6 ordu ingurukoak gutxi gorabehera), bai eta asteburukoak, urrutixeago dauden mendi tontorretara (Pirinioak, Picos de Europa…). Egiten ditugu, baita ere, 2 egunetik gorako zeharkaldiak edo trabesiak, aterpetik aterpera, markatutako ibilbideak jarraituz eta besteak baino zailtasun handiagoarekin (glaziarretan pioletak eta kranpoiak erabiliz); irteera hauek 8 ordu inguruko ibilaldia izan dezakete eta nahiko desnibel gogorretan barrena izan daitezke: Pirinioetan nahiz urrunago dauden beste mendi batzuetan (Frantziako Erdialdeko Mendigunea, Alpeak, Dolomitak...)

Elkartearen bidez hainbat ikastarotara etor zaitezke (eskien mantentze ikastaroa, neguko teknika mendian, ARVAren erabilera, eta abar) eta irteeretarako aholkuak emango dizkizugu.

Federatuta egotea ezinbestekoa da eta Elkartea bazkideen txartelak egiteaz arduratzen da.

Gurekin parte hartuz sentipen asko gozatuko dituzu: aterpe galdu baten beroa, ekaitz osteko eguzkia, izarrez beteriko zerua vivac batean, tontorrera iristean gozatutako nekea, helmuga iristeak dakarren poza, laguntza, partekatzea, naturarekiko maitasuna eta tontorrak ez ezik ibilbideak dakarren zoriona.